Open Data Azkoitia

Azkoitiko Udalak gardentasuna helburu

Azkoitiko Udalak 2012an Gobernu Irekia filosofia politikoa bere eginda, administrazioan herritarren parte-hartzea eta elkarlana bultzatzeko hainbat baliabide eta lan prozedura jarri zituen martxan:

Besteak beste, 2012an web gunea berritzean atal berria sortu zen, herritarrei parte-hartzeko tresna berria eskainiz: azkoitia.gobernuirekia.net; bertan martxan diren hainbat proiektu eta parte hartze prozesuen inguruko informazioa jaso eta ekarpenak egiteko modua eskaintzen da; horrekin batera herritarrekin harreman zuzena sustatzeko sare sozialetan sartu ginen, facebook eta twitter kontuak sortuz eta azkenik, udaleko aldizkarian ere udal politikaren inguruko informazio zabala eskaintzeaz gain, herritarren eta talde politikoen iritziei ere tartea zabaldu diegu.

Orain, politika mota honetan sakontzeko beste urrats bat egin dugu Open Data gune bat irekitzean: parte-hartze eta elkarlanarekin batera Gobernu Irekiaren hirugarren zutabe den gardentasuna du helburu udalak.

Open Data herritarrek informazioa eta datuak eskuragarri izan ditzaten mundu mailan gero eta indar gehiago hartzen ari den ekimena da. Administrazioak dituen datu publikoak modu estandar eta berrerabilgarrian argitaratzean oinarritzen da eta ondorioz, administrazioen gardentasunean eragiten du.

Administrazioen gardentasuna ahalbidetzearekin batera, datuon berrerabilpena bultzatzea da Open Data filosofiaren helburu nagusiena. Datuak Open Data erara askatuta norbanako nahiz enpresek datu hauek edozein unetan eta edozein tokitatik eskuragarri izatea ahalbidetzen da

Open data proiektua lantzeko Aldundiko dirulaguntza izan du Udalak eta Elkarmediarekin ari gara proiektua garatzen.

Udalak herritarrentzat baina herritarrekin garatu nahi du Open Data proiektua bera ere, arrakasta elkarlanetik etorriko dela ulertzen baitu. Hori dela eta, herritarren parte-hartzea bultzatzeko askatu beharreko datuen eskaera eta proposamenak egiteko atala jarri du interes hori dutenen eskura eta, bestetik, datuok berrerabiltzera animatu nahi ditu norbanako eta enpresak datuok oinarri dituzten zerbitzu edo produktuentzako erakusleihoaren bitartez.